AGENDA 21

ZERTARAKO BALIO DIGU KONPOSTA?

Ihaz Aiarako kuadrilak egitasmo berri bati hasiera eman zion: Hondakin organikoaren jasoketa berezia. Horretarako kontainer marroi batzuk ezarri ziren eta zabaltze kanpaina bat abian jarri zen familiak parte hartzera bultzatzeko.

Aresketa Ikastolak ere parte hartu zuen kanpaina horretan, Ingurune  taldeko neska-mutilak  gelaz gela joan ginen hondakinen inguruko arazoak azaltzera. Hondakinak oso lotuta daude kontsumo ohiturekin, horregatik zentzuz kontsumitzea garrantzitsua da, publizitatearen tranpetan erori gabe. Horrela, eta produktuak berrerabiliz, zabor kopurua  gutxitu daiteke. Baina behin zaborra sortuta, era berezian jaso behar da berrerabili ahal izateko. Hala ezbada, hondakinekin bakarrik bi gauza egin daitezke

  • Zabortegi batean pilatu.
  • Erraustegi batean erre, CO2 eta kutsadura sortuz.

Eta bai aukera bat zein bestea, ingurunerako kaltegarriak dira.

Ideia hauek hain garrantzitsuak direnez, aurten ere berriz azalduko ditugu, etxe guztietan animatu gaitezen hondakin guztiak, organikoak ere, bereizteko.

Aurreko hilabeteetan beste eskoletako lagunek azaldu digute ederki zer den eta nola egiten den konposta. Hemen guk azalduko dizuegu zertarako egiten dugun.

Hasteko, konposta ez da gauza berri bat. Aspaldi aspalditik gure baserrietan osatzen zen konposta, janari hondakinak abereen gorotzekin eta belarrarekin nahastuz. ONGARRIA deitzen zitzaion. Eta horrela deitzen zitzaion gauza ona zelako. Oso ona zen baratzetan eta zelaietan zabaltzen zelako lurrak indarra har zezan, bai belarra bai tomate, patata eta beste barazkiak handi, indartsu eta goxo hazteko. Gaur egun gehienok pisuetan bizi gara, ez dugu animalirik, baina janari soberakinekin ere konposta edo ongarria egin dezakegu.

Aresketan konpostera bat jarri dugu belar eta janari hondakinak ongarri nola bihurtzen diren ikusteko. Eta lortutako konposta erabiltzeko baratza txiki bat egin dugu. Dagoe- neko, nahiz eta negua izan, baratxuri eta ilar batzuk jaio dira. Horretaz gain Aresketako jantokian janari hondakin askoz gehiago sortuko dugu, bainan hori kontainer marroira eramango dugu, eta gero Gasteiz inguruko lantegi batean konposta bihurtuko dute. Konpost hori Araba osoko zelai eta baratzak aberasteko erabiliko da. Bestela erraustegi batean erre beharko zen, horrek kutsadura handia sortuko luke, eta dagoeneko nabaritzen ari garen aldaketa klimatikoa areagotuko luke.

Beraz janari hondakinak kontainer marroira eramaten…

  1. Ongarri goxoa lortzen dugu lurrerako.
  2. Kutsadura gutxiagotzen dugu
  3. Aldaketa klimatikoaren kontra burrukatzen dugu.

Horregatik, guk egingo dugun bezala animatzen ditugu herriko familia guztiak parte hartzera. Eta baratza edo baserria badugu, guk geuk egin dezakegu konposta kontainer marroira eraman gabe.

http://www.actividades-mcp.es/gestionresiduos/wp-content/uploads/2010/10/LOMBRIZ-TRABAJANDO_02.jpg

 

Aresketako ohitura egokiak hondakinak murrizteko:

  • Astero ikastolako LH 6. mailakook erabilitako papera jasotzen dugu kontainer urdinera botatzeko.
  • Astero ere LH 5. mailakook plastikoa jasotzeko eskolako zaborrontzi horiak hustutzen  ditugu kontainer horian.
  • Geletan eragiketak eta marrazkiak egiteko erabilitako folioak erabiltzen ditugu.
  • Idazkaritzan toner eta tinta kartutxoak berrerabiltzen ditugu.
  • Erabilitako pilak jasotzeko ontzi bat jarrita dugu
  • Paper gutxiago gastatzeko, gero eta gehiago komunikatzen gara email bidez.
  • Eta kontainer marroia jartzen dutenean, gure jantokiko hondakinak hara joango dira.