Historia

Ikastolaren lehen lokala

 

IKASTOLAREN HISTORIA

 

Amurrion, Euskal Herriko beste hainbat txokotan bezalaxe, garai hartan ezarrita zegoen hezkuntza sistematik haratago euren seme-alabei kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaini ahal izateko asmotan guraso talde batek 1977. urtean egun Aresketa Ikastola dena sortu zuen.

Gaur egun, ametsa egi bihurtuta, Aresketa Ikastola Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarainoko hiru hezkuntza etapak asetzen dituen irabazi-asmorik gabeko elkartea dugu, “Euskal Herriko Ikastolak” elkarteko kidea dena eta Amurrion, 600 ikasle baino gehiagori, hasierako asmo eta helburu haiei leial, kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzen jarraitzen duena.

Hasierako urte horietan, Amurrioko Ikastolaren kokapena aldatzen joan zen, lehenik Mendiko kaleko gaur egungo AEK-ko lokaletara, eta gero Hilerri ondoko prefabrikatuetara eta Zaraobeko tailerretara. Baldintza material latz hauetan, Ikastola bere hezkuntza proiektua sendotzen doa, bere eskaintza gero eta oihartzun handiagoa aurkituz.

 

1986 urtean, Araba Euskaraz jaia antolatzen du Amurrioko Ikastolak herriko beste erakunde eta ikastetxeekin elkarlanean.

1989 urtean Amurrioko ikastolak Adreiluaren martxa eta kanpaina abian jartzen du. Irakasle, guraso eta ikasleak, Amurrioko herri osoaren laguntzaz mobilizatzen dira eraikin duina eskuratzeko.

1990 urtean, azkenik Amurrioko Ikastola kokatzen da Aresketan egindako eraikin berrian. Hortik datorkigu izen aldaketa, Aresketa Ikastolan bihurtzen garelarik. Hala ere Haur Hezkuntza oraindik jarraitzen du Hilerriko lokal zaharretan.

1991 Urtean Aresketa Ikastolak Kili-kolo 2 urteko gela sortzen du, herrian aitzindaria izanik.

1996 urtean, LH eta DBH-ko gelen hazkuntzak eraikuntza txiki bihurtu du. Urte horretan gure bigarren Araba Euskaraz antolatzen dugu, eraikuntzaren handitzeari ekin ahal izateko.

1997 urtean Aresketa Ikastolak Tantaka Haurtzandegia antolatzen du, orain ere aitzindariak izanik, gaur egun Udalak kudeatzen duena.

2003 urtean, Aresketako Haur Hezkuntzak, arriskutsu bihurtu diren Hilerriko lokalak utzi behar ditu, eta Aresketako eraikinera datoz.

2005 urtean, gure ikasleentzat atsedenaldirako eremu estaliak finantzatzeko gure hirugarren Araba Euskaraz antolatzen dugu.

2013 urtean, eremu eta instalazio berriak eraikitzen jarraitu ahal izateko, laugarren Araba Euskaraz antolatzen dugu.

 

40 urteko istorio luzea, zailtasunak gaindituz Amurrioko familien % 40-ari kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzen. Etorkizuna zain dugu.