Eki (EP-ESO)

Zer da EKI?

EKI proiektua ikasmaterial berri eta berritzailea da. Euskal Curriculuma garatzen du, konpetentzietan oinarrituta eta integrazioaren pedagogiaren bitartez.  Datozen urteetan iritsiko dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ziklo osora. EKI proiektuaren egikaritzaren koordinatzaile Mikele Aldasoro eta Xabier Garagorrik zuzendutako lan taldean 52 profesional eta adituk hartu dute parte.

 

Oinarrizko konpetentziatan (metadiziplinarrak eta diziplinarrak) sustraitutako Euskal Curriculuma garatzen duen proiektu konplexua da. 

Helburu hori lortzeko EKI materiala integrazioaren pedagogian gorpuzten da, hau da, ikasleak barneratuta dituen jakintzez, egiten jakiteaz eta izaten jakiteaz ikasitakoa transferitu, artiulatu eta konbinatu egin behar du, arazo-egoera funtzional konplexuak konpontzeko.

Ikasmaterialaren markora etorrita, hiru zehaztapen maila banatzen dira: lehenengoan Oinarrizko eta Derrigorrezko Hezkuntza osorako ikaslearen irteera-profil orokorra definitzen da; bigarrenean arloari lotutako ikaslearen irteera-profil espezifikoa definitzen da; amaitzeko, hirugarrenean, ikasturte bakoitzerako gelan aplikatzeko unitate didaktikoak proposatzen dira.

Aresketa Ikastolan ikasmaterial hau 2016. urteaz geroztik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ziklo osora luzatuta dago eta 2018-2019 ikasturtean LH-ko bigarren zikloan (LH5-6) ezarri zen.

 

 

Euskal Curriculuma bizkar-hezur

EKI ikasmateriala, 2008-09 urteetan Euskalal Herriko ikastetxe gehienek elkarrekin eraiki eta onetsi zuten Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculumean oinarritzen da. Azken batean, pertsonaren garapen osoa (norbanako, gizartekide eta izatekide gisa) lortu ahal izateko oinarri sendoak finkatzea bilatzen du; euskal kultur espezifikoaren eta unibertsalaren oinarriak eskuratzea; ondorengo ikasketak egiteko eta lan munduan aritzeko prestatzea; eta bizitza osoan zehar ikasten jarraitzeko prestatzea. EKI proiektua, beraz, Euskal Curriculumaren garapena liratekeen ikasmaterialak dira.

Konpetentzietan oinarrituta dago.  Dagoeneko ez da nahikoa jakintza akademikoa eskuratzea. Edozein bizitza-egoeratan konpetentea izatea lortu behar du ikasleak; pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten eta egiten eta ekiten jakin behar du.  EKI material berriok Integrazioaren Pedagogia hautatu dute, irakasleek errazago irakasteko, ikasleek eraginkorrago ikasteko eta gurasoek prozesu horretan esku hartzeko.  Ikasleak arazo-egoerei irtenbideak aurkitzen ikasi behar du, ikasitakoa egoera berrietan baliatzeko. Benetako egoera esanguratsuen aurrean jarrita, ikasleek egoera horietan behar dituzten baliabideak bilatzen eta erabiltzen ohitu behar dute; irtenbideak aurkitzen saiatu, bakarrik eta lan taldean moldatu, arazoen soluzioa erdietsi eta egoera berrietan ikasi dutena baliatu.

Bi euskarritan aurkezten da EKI proiektuaren materiala, paperean eta digitalean. Era berean, EKIgunea web orrialdea garatu da, euskarri digitalak biltzen dituen txokoa. Bi euskarriak ez dira banaka aurkezten, elkarren osagarri gisa baizik, ikasleek IKTren konpetentzietan eta ezagutzan sakon dezaten.

© ARESKETA IKASTOLA

Eskubide guztiak bere esku

Aresketa auzoa, 2 - 01470 Amurrio
E. aresketaikastola@aresketaikastola.eus | T. 945 890 360 | Ordutegia: 08:30 - 18:00
  • Ikastolen Elkartea
  • Araba Euskaraz
  • Herri Kooperatiba
  • Airaldea Gaur